XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Teoria desberdinen artean, bere interesagatik, Kontrakzioaren teoria azpimarratuko genuke.

XIX. mendearen erdialdean agertutako teoria honek, funtsean, honela dio, alegia, Lurra bere bolumena murriztuz doa aldika, hoztuz doalako pixkanaka.

Kontrakzioak azala zimurtzea eragingo luke eta, beraz, esfortzu tangentzialak justifikatuko lirateke.

Ahultasun handieneko eskualdeetan izango luke eraginik handiena zimurtze litosferikoak.

Zona hauek, teoria honen arabera, orogenoak lirateke.

arro marjinala; arku bolkanikoa; arkua eta hobiaren arteko espazioa

Mendien sorrera

Geologia tradizionalaren arazo handienetako bat mendien eraketa azaltzea zen.

Hainbesterainokoa zen buruhaustea, ezen Tektonika Globala agertu arte, Teoria orogenikoak izeneko teoria desberdin ugari proposatu ziren.

Mendien eraketaren prozesua ziklo geologikoa izenekoaren fasetzat hartu zen eta orogenesia izena jarri zitzaion.

Gaur egun, geologo askok ziklo geologikoaren kontzeptua ezbaian jartzen badute ere, garrantzitsua da, ikuspegi praktiko batetik, oraindik ere kontuan izatea fenomeno geologiko batzuk beste batzuetatik bereizteko eta, horrela, fenomeno desberdinak modu partzialean aztertu ahal izateko.

Ziklo geologikoaz hurrengo Unitatean arduratuko gara.

Geologia klasikoan orogenoak mendiak sortzen ziren lekuak ziren.

Leku horiek subsidentzia handia (arro-hondo bat hondoratzea) eta material sedimentarioen metaketa zuten alde perikontinentalekin bat egiten zuten; alde horiek geosinklinalak ziren eta geroago, esfortzu tangentzialen eraginez, tolestu eta hautsi egiten ziren mendiak altxatuz.

Geosinklinalaren kontzeptuak indarrean jarraitzen du eta Plaken Tektonikak eginiko ekarpenekin zabal daiteke.

Gaur egun, aktibitate orogenikoa duten plaka-ertzak bezala defini daiteke orogenoa; plaka-ertz horien arteko elkarreraginaren ondorio den aktibitate hori, sismikotasunean, tolestura eta haustura bizietan, magmatismoan eta metamorfismoan jartzen da agerian.

Orogeno-motak

Egungo mendiek katea luzeak, zuzenak edo ez, eratzen dituzte.

Ondo bereizitako hiru motatakoak dira:

- Izenaren zentzu geografikoan mendikateak ez badira ere, Ozeano Bareko mendebaldeko (Japonia eta Filipinak) edo Atlantikoko (Antillak) arku-irlak oraindik zati batean ozeanoan urperatuta dauden eta sismikotasun eta bolkanismo bizia duten orogenoak dira.

Arku-irlaren garapenean, subdukzioko plaka ozeaniko bat beste plaka ozeaniko baten azpian sartu eta fusioa gertatzen da; ondorioz sortutako magmatismoa igo eta arku-irla perikontinentala sortuko da.

Urgaineratutako lurren ertzetan jatorri kontinentala duten sedimentuak metatzen dira eta plaka ozeanikoaren gainean, aldiz, itsas barruko sedimentuak geratzen dira.

Konplexu subduktibo bat dago, eta haren zati bat mihi ozeanikoak arrastatzen du. Arkuaren eta kontinentearen artean arro marjinal bat eratzen da, hondo ozeanikoaren hedapenaren ondorioz, dortsaletan gertatzen den moduan.